XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pezeta chuchendu

LURDETIK ITZULTZEAN

Lurdetik etcherakoan, hiritik jalgitzen ari nintzalarik, gizon gazte batek egin daita keinu, eta banuenetz tokirik harentzat beribilean.

Begia frango zorrotz, bizar bel-beltz baten jabe zen, matela-inguru guzia hartaz baitzuen emokatua adinetako bildotcharen buztan beltch kuskulatua ezarri balu bezala loturik beharritik beharrirat.

Nahiz ez zuen halako kara eztia, gelditu naiz, eta jarri zaitalarik ondoan ene putikoa, hasi gira españolez.

Madriletik Amsterdam Holandiako hiri nagusirat joa zuen, eta handik landa, Alemania ikusiz, Marzelletik heldua Lurderat.

Berantetsia zuen Espainiarat sartzea bere ohean lo egiteko, eta etcheko eltzekari urintsuaren jateko.

Erasiaz bezala hasi zaita, baizik-eta beribildunak nekez gelditzen zirela, bide bazterretako beha dauden gaichoen onetan.

Eta nik: Bainan, puttil, zendako ez duzu mozten ikaragarriko bizar beltz hori? Sorginak beren sorginkeria guziekin izit zinezazke... Eta irri...

Salatu daita, dirua arrunt tturrindurik, bi gau bazituela emanak kanpoan, izarrak zerutik begirale.

Athorra, Besta Berriko aldare mihiseak bezain churi baitzuen, galde egin diot, nork zaikon hoin ongi garbitua.

Eta hunek: Nihaurek, Jauna! Ihardetsi nik aldiz, ez zezan holakorik othoi nihun aipa, bertzenaz amak sakatuko ziola: To, mutikoa, hoin trebea hizanaz geroz, hemendik goiti hihaurrek eginen duk boketa! Eta berriz ere irri, trufa eta josteta...

Bet-betan ikusten dut gizona, bere bizar ilhun kolore emaiten, kopeta puntaraino, galde egiten daitala boz sakorrarekin:

- Zer diozu pezetaren beheititzeaz? Zer gertakari harritzekoa! Beha nago, etcherat-eta, gauzak ez ditutanetz aurkituko nahas-mahas itzulipurdikatuak... Espainia beldur lur-ikara batek erroraino inharrosia... Zertaratu behar ginen Espainian!

Kontsolatu dut muthiko gaztea, gochatu, eztitu, niolarik, baginituela ikusiak Frantzian ez dakit zonbat diru-apaltze, ez baiginen halere azken peko errekan edo ezin bizi gorrian...

Denetan bezala, diru kraskatzeak lehen urhatsa garratz. Bertzeak ez aski idor ere...

MINTZA CHUCHEN

Pezeta hautsi pezeta jautsi? Hizkuntza horiek, egia erran makurrenetarik ditugu.

Pezeta chuchendu, pezeta bere heineratu litake behar jalgi.

Ezen pezetak hartu du agerian, gordean zuen balio egiazkoa.

Merkatu churian kokatu merkatu beltzean aspaldidanik zaukan prezioa, merkatu beltzeko sal-eroslek ahurrak biphil baitituzte, eta zerak bere pizu-ozkan haztatzen, tilet batez errebetatu gabe.

Egiaren mintzairea hartu du pezetak, egia mintzatuz baizik ez baitzitaken sar Europako bertze herrien batasunean.

Uste dutenek, segur direnek, Europatik kanpo ez dela Europako herri bihi batentzat salbamendurik, atsegin dukete jakiteaz, hemendik goiti O.E.C.E.an barne izanen dela Espainia.

Nahi dut asko Europatiar buruzagik bortz egin ahalak egin dituztela, Espainiaren, Europatik bazter, bere mugetan preso begiratzeko.

Bainan nola ez ohart badela bere alhaze gibelean preso egoite hortan, Espainiaren eta Español buruzagien falta handia?

Espainiako athearen zerratzale borthitzena Espainia.

Espainiako gobernua ez balitz izan gogo hortako, bertze orok, beren malezia guziarekin, ez zuketen jeus egiten ahalko, edo bederen ez zuketen jeus luzaz atchikitzen ahalko.

Duela zonbait ilabethe Espainiak visa deitu baimenari uko egin du, harat zoatzinen onetan.

Behar dira oraino sartzeko pasaportak jendentzat triptique paperak beribilendako.

Horiek behar luzke Espainiak aspaldi huntan gera-futro botatuak...

Hainbertze hiri miresgarri dauzkan herrialdeak behar luzke trumilka kanpotiarrak, touriste direlakoak bere altzerat lerrarazi, papoan brodatuak dituen edergailu eta orhoitzapen paregaberi so eta eta beha.

Ene ondoko mutikoak zerautan, haren arabera, behar luzkeela Espainiak mundu guzitik gomitatu lantegietako nagusiak, zerbaiten moldatzerat Espainian.

Gazte gehientsuek bezala uste zuen, harek bakarrik zerabiltzala holako gogoeta argiak.

Erakutsi nion Pinay jaunak chede berak zauzkala bere chapel-pean, eta izana zela Ameriketako nagusien gomitatzen Frantziarat bildu beharrez.

Ez ditake erran zer kalte higuingarria egin daukun deneri nor-niz-ni-keria ttuttula pekachin batek...

Bertzen beharrak hartarik sendatzen bagintu?

So Egilea